XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina ni bizi nizano ez zira gosetûrik izanen, Mo.

Hori baino lehenago, Pirinio bortûak oro segatuko ditût.

s Ez segatû, Soeur Pauline Bernardette, beste behiek ere zerbait jan beharko dute eta -eskatzen diot orduan.

Zeren moja hau, ttikia bai, baina halere oso sendoa baita, moztaka eta sendoa, segari paregabea.

Eta didan maitasunarekin, auskalo, ez jakin, agian bete egingo luke hitza eta taxuzko sailik gabe utziko Pirinio osoa.

Beraz, ez dira arrazoi materialak Balantzategirekin ametsetan jartzen nautenak, baizik eta izpiritualak.

Ondo dago moja ttikia, ondo daude alpapa, frantziberdea eta ailobrea, baina kanta zaharrak dioena:

Mundu honetan belar ederrak badira
na bihotzak dio zoaz Balantzategira
.

Oi Balantzategi, Balantzategi!

Zenbat gogoratzen naizen zurekin!

Zuregatik esandakoak entzunda askok esango dute, batek ezpada besteak, zein esajeratuak diren animaliak eta batez ere behiak!

Baina zuk badakizu, ene etxe! ene baso! hitzak sentimenduaren errainu apal direla, eta oihuzkatzen dudan Biba Balantzategi bakoitzagatik ehun biba gehiago dauzkadala bihotzean.

Eta ez zure garai haietan den dena jolasa eta gozamena izan zelako, zeren, zuk badakizu, gerra osteko egun haietan poza adina izan genuen pena, eta askotan, pena hori latza izan zen.

Bai, hamaika kolpe hartzeko jaioak gara.

Jaiotza bera kolpea da.

Gogora ezazu, bestela, nola gertatu zen nirea eta zer arrisku pasa nituen jaio eta berehala...